martes, 26 de marzo de 2013

AGUR KANBODIA

Kanbodiako azken egunak egunik gogorrenak izan dira guretzat. Siem Reap turistikoari eta Angkorreko tenpluei agur esan eta ibilbide turistikotik at geratzen den bidea hartu genuen Stung Treng herrirantz. Asfaltoa lurragatik aldatu genuen.


Nahiz eta lurrezko pista egoera onean egon lau egun gogor izan genituen beroagatik batez ere. Herriz herri ibili ginen oso zonalde apalean. Gauza gutxi inguruan.


Errepidea berritzen dabiltza zonalde honetan eta errepide ertzean etxe berri asko eraikitzen. Egurrezko etxeak, inguruko basoetatik ateratako egurra.


 Batzuek lanerako langileak dituzte. Beste batzuk, familia honek bezala, beraien etxe propioa eraiki behar dute.


Errepide berriek zubi berriak behar dituzte.


Kanbodiako beste eremuetatik etorritako familiak dira asko. Beraien zonaldean lantzeko lur gutxi daukate eta inguru honetan lurra soberan dago. Baina lurra lantzeko prestatu egin behar da eta horretarako lehenengo pausua baso zati bat erretzea da. Batzuetan nahiko desolatua agertzen zen paisaia.


Kasaba moztu eta lehortzen jartzen dute toki askotan. Inguratuta aurkitu genuen emakumea.


Beroari aurre egiteko, bertako jendeak egiten duen bezala, putzu azpian burua sartuz gure burua freskatzen dugu.


Bide-lagunak


Tokiz toki mugitzeko garraioa beti jendez eta trastez gainezka


Srilau herrixkan lo egitea egokitu zitzaigun eta ez zegoen gauza handirik inguruan. Galdezka hasi eta bikote honek beraien etxean lekua egin zigun. Hauek ere Kanbodiako beste zonalde batetik etorri dira hona lur eta bizitza berri baten bila.


Hori bai, etxea eraikitze prozesuan zegoen. Egurrezko bi horma eta teilatua zituen eginak.


Afaltzeko zeukatena eman ziguten, arroza eta arrautzak, eta gosaltzeko gauza bera.
Bizilagunak ere oso jatorrak ziren eta saltsan ibiltzeko aukera izan genuen.


Goizean goiz gauzak prestatu eta berriz bidera. Agur eta eskerrik asko!


Herrialde bakoitzean gure bizio txikiak aurkitzen ditugu eta Kanbodian ere egon dira:
Ogia. Benetako ogia topatu dugu Kanbodian, zenbat hilabete ogirik jan gabe! Makina bat ogitarteko jan ditugu.


Kafea izotzarekin. Kafe beltza esne kondentsatuarekin nahasten dute. Egunean bi gutxienez.


Eta anana. Zeinen gustura jan ditugun ananak. Oso osorik eskatu eta sekulako abileziarekin zuritu eta mozten dituzte jateko prest utziaz.


Kanbodian gauza gehienak oso onak izan badira ere, bere aurpegi latza ere badu. Ingurune honetan gerra garaian mina ugari erabili zen. Gerra bukatu arren, lur azpian jarraitzen dute mina hiltzaile askok eta gaur egun ere mina hauengatik jendeak zauritu edo bizitza galtzen du. Kanbodian gertutik bizitu dugu drama hau. Jende ugari ikusi dugu hankarik gabe, besorik gabe edota itsu. Ia egunero topatu dugu elbarrituren bat eta hori ez da kasualitatea.

Plastikozko ordezko hanka dauka familiako aitak.


Angkorreko zaindariari eskua falta zaio.


Baina agurra irribarre batekin eman nahi diogu Kanputxeari (bertako askok, oraindik, herrialdearen izen zaharra erabiltzen du). 1.300 km izan dira bizikletaz, gehienak lauak, eta kilometro gehienetan haurren bat “hello hello” oihukatuz izan dugu. Kosta, hondartza, historia, lakua, tenpluak, Mekong…  denetarik  izan dugu. Hartu gintuen berotasunarekin agurtu dugu herrialdea hain gustuko dituzten hamaka batetik.



1 comentario:

  1. Ainhoa! Ze pelukaaaaa! Moztu ilea, ispilu atzean, ez gera bizi filme batean!
    San Franciscoko Chinatown-en badago ileapaindegi bat...merke ta ona. Gero ta gertuago zaudete, Itsas Barea gurutzatu eta kitto. Gero eta gertuago gaude. Nik eskieri gurpilak jarriko dizkiet gertu.
    Megabesarkada bat eta gigamuxuak

    ResponderEliminar