lunes, 4 de marzo de 2013


KANBODIAK ONGI ETORRI BEROA

Ongi etorri beroa eman digu herrialde honek zentzu askotan. Lehenengo beroaldia mugan bertan izan genuen mugako poliziarekin. Guk bagenekin bisaren kostua 20 dolarrekoa zela, baina bagenekien baita ere gehiago eskatuko zigutela, horrelaxe esan baitziguten beste bidaiari batzuk. Bisa eskatzeko orria beteta eta pasaportea eman genizkion emakumezko poliziari eta hortxe eskatzen dizkigu 25 dolar bisa bakoitzeko. Guk ezetz, badakigula 20 direla eta ez dizkiogula gehiago emango. Purrustaka hasi zitzaigun builaka, ezer ez dakigula esanez. Guk, lasai lasai, berriz ezetz, badakigula 20 dolar direla eta ez dugula gehiago ordainduko. Oihuka bulegotik kanpo bidali gintuen eta kanpoan itxaroteko esan. Bost minuturen ostean pasaporteak berriz eskatu eta 20 dolar bakoitzeko. Biba! Kanbodian gaude!


Lehenengo egunetan Kardamomo mendien hegoaldeko zatia zeharkatu genuen. Kardamomo mendiak oihanez estaliak daude eta guk pasatako zatian altuera handirik ez badago ere aldapa politei aurre egin behar izan genien.


Eskerrak laguntzatxoren bat ere jasotzen dugun noizean behin.


Ongi etorri beroa izan da jendearen berotasunagatik. Lehenengo egunetatik sentitu dugu jendearen irribarrea eta poztasuna. Trapang Roung herrixkan Chhay Karn anderearen etxean lo egin eta arratsalde ederra pasa genuen familiarekin.


Etxeko mutila eskolako lanak egiten. Eskuineko eskuan arkatza eta ezkerrekoan esku-argia.  


Haurrek etengabe, uneoro, “hello, hello” oihukatzen digute bizikletaz goazela. Gu denei erantzuten saiatzen gara baina batzuetan ezinezkoa da! Hori bai, argazkia ateratzera gerturatuz gero… aurpegia aldatu zitzaien neskatila hauei.


Edozein toki da ona agurtzeko.


Itsasoari denboraldi batez agur esateko aukera polita eman digu Kanbodiako kostaldeak. Kampot herrian arrantzalea kaiola uretara jaurtitzen.


Kep herrian behar bezalako agurra eman genion: arraina jan, hondartzara joan eta ilunabar ederraz gozatu. Kepeko Karramarro Merkatuak oihartzun handia du.
Emakumea saskitik karramarro freskoa hartzen.


Kanbodiar familia asko hurbiltzen da Kepeko hondartzara.



Eta ongi etorri beroa eman digu Kanbodiak tenperaturak gorantz doazelako eta eguzkiak geroz eta gogorrago jotzen duelako. Pnhom Phen hiriburura iritsi aurreko bi egunetan bero galanta izan genuen. Bizikletetako potoetan daramagun ura pixa bezain bero jartzen da eta geroz eta geldialdi gehiago egiten ditugu ur hotza edateko.



Euskal Herrian bere garaian esneketaria edo butaneroa ikusten bagenituen, hemen izotz banatzailea dugu. Kamioia sekulako izotz pusketaz beteta dendaz denda izotza banatzen doa.


Gero dendariek puska txikiagoetan zatitu eta, argazkian ikusten den bezala, elektrizitaterik gabeko izotz kutxa laranja eta gorritan  sartzen dituzte edari, janari eta hotz mantendu beharreko guztiarekin. Guri zerbitzu ederra egiten digute!



PHNOM PENH

Bero galantarekin iritsi ginen hiriburura baina bertan lasaitzeko aukera izan genuen. Phnom Penh ez da hiri handia eta nahiko lasai ibili ginen gora eta behera bertako  txokoak ezagutzen. Mekong ibaiaren ertzean dago hiria eta giro polita sortzen da ibai ertzean dagoen pasealekuan. Hori bai, ibaia gurutzatzeko itxaronalditxo bat egin behar dute bertako biztanleek. Horretan aurkitu genuen moto andana.


Ontzia etorri eta denak barrura.


Batzuk bainua hartzeko ere adorea dute. Garbia egongo ote da ura?


Turismoari gure denbora eskaini genion. Museo Nazionala


Errege Jauregia



Independentziaren monumentua


Eta jarraian, tarte berezia merezi duen, Tuol Sleng Genozidioaren Museoa. Benetan latza da toki honetan gertatutakoa. 1975. urtean Khemer Gorriek , Pol Pot liderrak aginduta, eskola hau jendea atxilotzeko, galdeketak egiteko, torturatzeko eta erailtzeko prestatu zuten. Eskola hutsik zegoen hiriko jende gehiena landa eremuetara bidali baitzuten lan egitera. 1975. urtetik 1978. urtera milaka pertsona pasa ziren hemendik eta gehienen patua heriotza izan zen. Atxilotuen argazkiak, dokumentuak, konfesio behartuak, tortura tresnak… ikusgai daude. Oso latza da. Irudi gogorrenak ez ditugu jarri baina gai honi buruz gehiago jakin nahi duenak erraz eskuratu dezake informazioa sarean. Hain toki ederra eta bizia den ikastola bat zertan bihur daitekeen.






Herrialde honetako bizitasuna ikusita oso zaila egiten zaigu duela hain gutxi horrelako basakeriak gertatu direla  pentsatzea. Heriotzatik bizira pasa ginen azkar asko, kolore bizi-biziak baitauzka hiri honek gaur egun. Toki bizietan bizienak  merkatuak dira.



Kanbodiako biztanleek izugarri gustuko dituzte hamakak. Edozein txokotan aurkitu dezakezu bat eta bertan norbait etzanda atsedena hartzen. Eguerdian, eguzkiak gogor jotzen duenean, orduan bete beteta daude gehienak.


Merkatuko dendariek aulkirik ere ez dute behar beraien dendatxoetan.


Guretzat Phnom Penheko gauzarik politenetakoa arratsalde partean sortzen den giroa da. Jendeak kalera jotzen du, parkeetara, pasealekuetara, jarduera fisiko ezberdinak egitera; oinez, korrika, pilotarekin… eta martxosoenak, dantzatzera!  Taldeetan sakabanatzen dira txoko ezberdinak antolatuz eta talde bakoitza bere musikarekin,  koreografiekin eta gidariarekin sekulako aerobic saio irekiak antolatzen dituzte egunero. 


Konturatu gabe joateko ordua iritsi zitzaigun. Toki interesgarria iruditu arren  orain Tonle Sap lakurako bidea hartu behar dugu. Hori bai, modu solemnean esan genion agur Phnom PenhErregea Jauregiaren aurrean.

2 comentarios:

  1. Aupa bikote
    Zer moduz zabiltzate??????
    Beste herrialde ezberdin bat, gauzaberriak,eta batez ere esperientzia berri bat. Ondo ibili Iñigo iloba

    ResponderEliminar
  2. Oraintzapen ederrak ekartzen dizkidate Camputxeako argazkiek...gukm ere bizikletaz egin genuen herrialdeari bira.
    Gogoan ditut Ixoneren malkoak heriotzaren museo horren gela hotzetan...
    aupa zuek!!! gora bihotzak!!!

    ResponderEliminar