lunes, 20 de mayo de 2013

TXINAZ GOZATZEN

Daliko herri zaharrari hiru pagoda ezagunen aurretik pasatuz agur esan genion.


Berriz ere errepidean geunden Txinaz gozatzeko irrikatan.


Dali inguruan landa zabalak daude eta bertan nekazari ugari topatu genuen lan eta lan.


Horrelako baratz erraldoiak izanda ez da harritzekoa gero platerean jaki goxo ugari egotea. Jatetxe gehienetan, honako honetan bezala, oso zabala da barazki aukera. A ze gozamena!


Jiangwei herrian hamaiketakoa egitera gelditu eta bertako herritarrek gonbidatuta sekulako janari festa izan genuen. Ez zen erraza izan gero bizikleta hartzea!


Egun hauetan errepidean txirrindulari txinatar andana topatzen ari gara. Egunero talde desberdinak topatzen ditugu eta denak Lhasara doaz, Tibeteko hiriburura. Ez dakigu oso ongi zergatik baina txinatarren artean oso zabaldua dago Kunmingetik edo Chengdutik Lhasarainoko bidea bizikletaz egitea. Bizikleta gaineko inbasioa jasaten ari da Tibet!


Gure erritmoa askoz lasaiagoa da. Lijiangerako bidean trafiko handia topatu genuen baina, egia esan, dezente errespetatzen dituzte txirrindulariak txinatar gidariek.


Daliren ostean Yunnaneko hurrengo geltoki turistikoa Lijiang da eta hemen, Dalin bezala, herri zaharberritua topatu genuen. Herria oso polita da baina turista txinatarrez eta hauentzako dendaz beteta dago. Gure txoko lasaiak topatu genituen halere.




Lijiangetik atera eta kilometro batzuk igo ondoren sekulako jaitsieraz gozatzeko aukera izan genuen. 25 kilometro beherantz Yangtze ibaiarekin topo egin arte.


Yangtze ibaiaren ondotik aurrera jo genuen Qiaotou herriraino. Bertan Yangtze ibaiak sortutako arroila ikusgarria hasten da: Tiger Leaping Gorge. Qiaotoun bizikletak utzi eta oinezko mendi ibilaldia egitea erabaki genuen eta zinez merezi izan zuen. Ibaia arroila sakonean sartzen da eta paisaia zoragarria da.


Mendi elurtuak goian




eta ibai indartsua behean.




Zalantzarik gabe, bidaiako paisaiarik ederrenetariko bat topatu genuen.

Qiaotoura bueltatu, bizikletak berriz hartu eta Shangri Larako bidean malda gogorrak topatu genituen. Bide nagusia utzi eta bigarren mailako errepide zaharra hartu genuen trafikotik ihes egiteko asmoarekin.



Zerua estaltzen joan zitzaigun pixkanaka eta lotarako toki bila hasi ginenean ostaturik ez genuen aurkitu inguruan. Guanfang herrixkan bide ertzean zegoen etxetxo batean galdetu eta familia honek txokoa egin zigun sutondoan. Arratsalde zoragarria pasa genuen familia guztiarekin: amona,alaba, semea, biloba, birbiloba… ia familia osoa ezagutu genuen. Amona bereziki maitagarria zen bere txano dotorearekin. Hizkuntzaren traben gainetik komunikazioa lortu daiteke benetako gogoa dagoenean.


Lotarako txokoaz gain afaria eta gosaria ere eskaini ziguten. Zer edo zer ordaintzeko saiakera egin baina ezinezkoa izan zen, ez zuten onartu. Geneuzkan gaileta, kakahuete eta txokolate guztiak eman genizkien gutxienez. Agurtzerako orduan familia osoa batzeaz gain bizilagunak ere gerturatu ziren.


ANIZTASUNA

Txinan espero ez genuen gauzetako bat aurkitzen ari garen aniztasun etnikoa da. Yunnan probintzian emakumeen jantziei erreparatu eta oso janzkera ezberdinak topatzen ari gara, batzuetan bailaraz bailara aldatzen doaz. Egunerokotasunean naturaltasun osoz janzten dute modu honetan inolako asmo turistikorik gabe. Hona hemen aurkitu ditugun emakume batzuk:

Daliko merkatua



Jiangwei


Songgui



Gaunfang


TIBETEKO ATEAN

Guanfang herrixkatik gora 3.300 metroko Shangba La mendatea pasa eta ezusteko aldaketa izan genuen.


Bat batean Tibet agertu zitzaigun. Shangri Larako bidea euritsua izan zen eta, hoztuta eta bustita egon arren, Tibeteko jendeaz, etxeez eta paisaiaz inguratuta egotearen ilusioarekin iritsi ginen. Shangri La Tibeteko atea izan da guretzat eta Ladakheko eta Nepaleko mendialdeko oroitzapenak datozkigu etengabe burura.


Shangri Lako alde zaharreko plazan arratsaldero dantza-plaza eder bat antolatzen da. Borobilean jarri eta bi orduz dantzan aritzen dira tibetarrak; zahar eta gazte, emakume eta gizon.


Inguruko herrixketara hurbildu gara egun pasa. Txinako gobernuarentzat zonalde hau guztia ofizialki Tibet ez bada ere, guretzat ez dago zalantzarik, Tibeten gaude: belardi zabalak, etxe erraldoiak, Yakak eta jende maitagarria.



Gure Txinako bisa luzatu behar dugu Shangri Lan eta horren zain lau egun eman behar ditugu hemen. 3.300 metroan gaude eta hemendik gorantz jo behar dugu. Litangerako bidean 4.000 metrotik gorako hiru mendate ditugu zain. Aupa Tibet!


3 comentarios:

  1. Aupa Zuek!
    Hoi da, Free Tibet!!
    Liluratuta gaude Txinako kontakizunekin, zain zain Tibeten ia zer moduz doakizuen.
    Hotzarekin topo egingo zenuten berriz ere, baina lekuak merezi duela ikusten da.
    Segi hola, besarkada ta zakuka muxu bikote!
    A! ta belarrietatik tiraizo bat Ainhoari, berandu bada ere.

    ResponderEliminar
  2. Zorionak Ainhoaaaaa!!!!!
    Hau inbidiya ematen didazuena!!!!!!!!
    Muxu pilaaaaa!!!!! <3<3<3

    ResponderEliminar
  3. eeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeee!
    Ze inguru ederraaaaaa!
    Argazki zoragarriak! eta jende oso autentikoa. Jator aurpegia daukate bai. Mendialdearen frexkura berriro ere. Gustora hartuko zenuten. Ze moduz komunikazioa? Txino mandarin?
    Bizikleta kolonizazio tresna bezela? falta zana!
    Hemen euria. Hau ez da Colorado. Hau ez da Utah. Hau Euskal Herria da.
    Besarkada handi handi bat

    ResponderEliminar