viernes, 10 de mayo de 2013

TXINARA EGOKITZEN

Laos eta Txina arteko mugan bertan konturatu ginen sekulako aldaketa izango genuela berehala. Mugako eraikinak ikustea besterik ez dago; Laoseko aldean eraikin xumea eta Txinakoan erraldoia. Muga arazorik gabe zeharkatu eta ongi etorri Txinara!


Errepidea primerakoa eta oso zabala izateaz gain aspaldiko partez tunelak aurkitu genituen. Hilabeteak daramagu errepidean tunelik ikusi gabe eta Txinan makina bat topatu genituen lehenengo egunean. Mengla herrira iritsi eta hara hor zer topatu genuen.


Laoseko egurrezko eta banbuzko etxeetatik Txinako eraikin berri eta handietara pasa ginen di-da batean. Hain gertu dauden bi herri eta hain desberdin …

Menglan autobusa hartu eta egun bateko bidaiaren ostean Kunmingen geunden, Yunnan probintziako hiriburuan.



Sekulako kontrastea suposatu du guretzat aldaketak eta nahiko kosta zaigu egokitzea. Milioi bat pertsona bizi den hiri batean, etxe orratzen artean, jendez inguratuak… galduta sentitu ginen lehengo egunetan. “Non demontre sartu gara?” zen gure galdera.

 
Toki batera egokitzeko modurik onena bertakoekin bat egitea da eta horretan ibili zen Ainhoa. Asian izugarri gustatzen ari zaigun gauzetako bat jendea kalean taldeka dantzan ikustea da. Espazio publikoa aisialdirako toki aproposa.


 Dantza irakasle honek bere bizikletan dauka antolatua musika aparatua.


Gure egokitzapen prozesuarekin jarraitzeko bizikleta gainean jarri eta Kunmingetik Dalirako bideari ekin genion. Hasierako kilometroak ez ziren oso atseginak izan: kamio dezente errepidean eta fabrika ugari inguruan.


Baina hiritik urrundu eta mendialdean murgiltzen joan garen heinean inguruak geroz eta itxura hobea hartu du eta hemen egotearen arrazoia argitzen joan zaigu.




Mendialdean, gehienetan bezala, nekazaritza da jendearen ogibidea. Arroza nonahi.



Errepide batzuk lastoz estaliak aurkitu ditugu.


 Hirietara hurbildu orduko eraikin berriak egin eta egin topatu ditugu. Hirietako etxeak.


 Herrietako etxeak.


Etxeetako pertsonak.


 Errepide ondoko jatetxe ugarietan aukera zabala dago bazkaltzeko. Arroz zuria da oinarria baina barazki aukera handia dago. Hozkailura jo, zein barazki nahi dugun adierazi keinuekin eta berehala mahai gainean dugu jateko prest.


Hemen Koldo bi txirrindulari txinatarrekin dago afaltzen: Kameron eta Cookie  (izen txinatarra izateaz gain ingelesezko izena ere jartzen diote beren buruari, bitxia). Tibetera doaz eta Lhasarako bidean topatu genituen. Oso jatorrak dira eta egun pare bat eman ditugu elkarrekin. Itzultzaile lanak egin dizkigute.
Txinatarrak erretzaile sutsuak dira eta askok tabakoa erretzeko urez betetako pipa erraldoia erabiltzen dute.


Ez dakigu zehazki antolaketa komunistaren ondorio den baina sekulako landa zabalak aurkitu ditugu bidean eta gehienak oso ongi antolatuak.




Yunnan probintziaren paisaia menditsua denez bailaraz bailara gabiltza gora eta behera.



Dalira iritsi aurretik ezusteko galanta izan genuen. Hou Shan Cun herrixkan emakumeen jantziei erreparatu eta aho bete hortz geratu ginen. Zeinen jantzi dotoreak! Yin etniako oso zabaldua dago Yunnaneko mendialdean eta emakumeen jantziak zoragarriak dira.


 
Euritan iritsi gara Daliko hiri zaharrera eta turista txinatarrez inguratuta aurkitu ditugu gure buruak. Geroz eta hobe sentitzen gara Txinan.


Gure asmoa Kunming, Yunnan probintziako hiriburua eta Chengdu, Shichuan probintziako hiriburua, bizikletaz lotzea da. Ea eguraldia lagun dugun.

3 comentarios:


  1. Eskerrik asko Borin et Ibon Laoseko informazio bikainagatik, oso erabailgarria egin zaigu. MILA ESKER!!!

    ResponderEliminar
  2. Animo bikote
    Ez du horren itsura txarra txinak,hori bai lasai hartu zeren bestela agobiatu egingo zaretela ematen du munduko biztanle gehien dituen herrialdean.
    Ondo ibili

    Iñigo iloba

    ResponderEliminar
  3. ZORIONAK Ainhoa! ondo pasa eguna!!!

    ResponderEliminar