sábado, 27 de julio de 2013

JAPONEN, NATURAZ GOZATZEN

Matsumoto atzean utzi eta bigarren mailako errepideetan zehar mendialdean barneratu ginen bete-betean.



Japoneko gauzarik onenetarikoa errepideen egoera bikaina da. Errepiderik galduenean ere asfaltoaren leuntasunaz goza dezakezu.


Etengabe aurkitu dugu ura: errekak, ibaiak, ur-jauziak, lakuak edota gizakiak eragindako urtegiak.


Japoneko Alpeetako Noyumi mendatearen gaina izan da gure Japoneko punturik garaiena 1.672 metrorekin.


Malda gogorrak izan ditugun arren batzuetan tunelek mendia zulatu eta bidea lauagoa egiten dute. Ongi argiztatuak egon arren tunel batzuk oso luzeak dira eta ez da sentsazio atsegina zulo hauetan sartzea.


Irteerarako biderik motzena adierazita dago. Baina erdian zaudenean, ezker edo eskuin?


Takayama herria ezagutzeko geldialdia egin genuen. Garai bateko estiloa mantentzen dute bertako zenbait kale eta etxek eta turista japoniar dezente hurbiltzen da bertara.




Takayama ikusi eta gaua inguruko mendialdean eman genuen Utsueshi Juhachi ur-jauzien ondoan.



Takayamatik Shirakawa-go herrixkarantz gindoazela, Amo mendatean, aurkitu genuen Japoneko biderik aldapatsuena. Gorako bidean nahiz beherako bidean.



Shirakawa-go herrixka ezaguna da Japonen bertako etxeengatik. Nahiz eta berrituta egon  antzinako estrukturak mantendu dituzte eta oso bereziak dira;  Teilatutik oinarriraino egurrezkoak. Guri Asterix eta Obelixen herrixka zetorkigun burura.




Japoniarren zaletasun batzuk ezagutzeko aukera izan dugu bidean. Beisbola da hemen kirol nagusiena eta helduak eta gazteak askotan topatu ditugu beisbolean.


Arraina hain gustuko izanda arrantzaleak ere nonahi aurkitu ditugu, bai errekan bai lakuan.



Motoz bidaiatzea. Errepidean motorzale ugari topatu dugu bidaiatzen. Sekulako mototzarrak dituzte guztiek baina gehien ikusi ditugunak Harley Davidson dotoreak izan dira. Hori bai, honako hau izan da guztietan harrigarriena. Makarra samarra tipoa.


Shirakawa-gotik aurrera egin eta Kuzuryu urtegira iritsi ginen.




Gauean sekulako euri zaparrada bota eta hurrengo goizean gure ondasun guztiak lehortzen jarri behar izan genituen.  Ordutik aurrera gure kanpin-denda babesteko aterpetxoa bilatu dugu egunero, baita aurkitu ere!


Tokyotik Osakarako bidean ia egunero kanpin-dendan lo egin dugu. Japonen lo egiteko ostatuak oso garestiak dira eta kanpin-denda jartzeko toki aproposak ez dira falta. Komunak oso garbiak, mahaiak eta aulkiak, teilatutxoak… herrietako parkeetan kanpatuta ere inork ez digu ezer esan. Gau batean, 23:00ak inguruan lo geundela, polizia hurbildu zitzaigun eta nortzuk ginen ikusi ostean “good morning”  esanaz agurtu ziren. 


Ono herritik gertu Hokyoji tenplua bisitatu genuen. Basoan txertatuta dago 1.300. urtean sortutako tenplu eder hau eta bertan bizi diren hamar monje budisten gonbitea jaso genuen tea beraiekin hartzeko.


Bilera motz bat egin ondoren bukaeran aurkezpen ofiziala ere egin ziguten.


Shunki monjea izan zen gure gida.


Tenplua utzi eta berehala 60 metroko Ryusoya ur-jauziarekin topo egin genuen.


Gure hurrengo helburu nagusia Biwa lakua zen, Japoneko lakurik handiena. Zein ingurune ederra!


Asko gozatu dugu lakuaren inguruan bizikletaz eta, japoniarrak bezala, baita bainua hartzen.



Ilunabarra Biwa lakuan


Ia Asia osoan bezala, arroza edonon.


Biwa lakutik oso gertu dago Kyoto hiria eta bertara jo genuen jarraian. Hiri handia izan arren oso toki atsegina da Kyoto eta lasai asko ibili ginen hirian zehar bizikletaz bertako txokoak ezagutzen. Eraikin zahar ugari dago hiri osoan zehar, guztiak oso ongi zainduak.


Merkatua


Musika tradizionala


Familia honek bezala jende askok jazten du jantzi tradizionala Kyoton, kimonoa.


Kyoton gehien gustatu zaiguna arratsaldero hiri erdian dagoen ibai ertzeko giroa da. Kyototar ugari hurbiltzen da bertara lasai egotera, erlaxatzera, solasean aritzera…


Kyototik egun bakarrera geneukan gure Japoneko azken geltokia, Japoneko bigarren hiririk handiena, Osaka.


Gure bizikletak hegazkinean sartu behar ditugun bakoitzean lan gogorra izaten dugu aurretik: kartoizko kutxak bilatzea. Behin kutxak lortuta Osakako kaleetan zehar garraiatu behar.


Osakan topatu dugu Japoneko altxorrik handienetako bat, Bang Kwansak eta Ono Sanae bikotea. Kwansak hego-korearra da eta Sanae japoniarra. Kwansak txirrindulari amorratua da eta beraien etxeko ateak parez pare ireki dizkigute.


 Izugarria izan da eskaini diguten laguntza guztia eta beraiekin eman ditugun hiru egunak ahaztezinak izan dira. Agurra, nola ez, afari oparo batekin egin dugu : Sushia. Zoragarria.


Bihotz-bihotzez, eskerrik asko, arigato gozaimasu, thanks, gracias…


AGUR JAPON

Hasierako planetan ez bazegoen ere patuak Japonera ekarri gaitu eta izugarri gozatu dugu. 25 egun eman ditugu bertan eta 1.165 kilometro izan dira bizikletaz egindakoak, errepide bikainetan baina uste baina malda gehiagorekin. Ezusteko ona eman digu natur ikuspuntutik. Oso berdea izan da gure Japon eta hiri erraldoietatik at basoek eta mendiek etengabe inguratu gaituzte.

Zer esan lasaitasunaz. Ziurtasun osoz bidaiatu dugu uneoro. Seguruenik, bidaia osoko herrialderik lasaiena izan da guretzat. Bizikletak lotu gabe edonon uzteko aukera, edozein txokotan lo egiteko aukera… askoz atseginagoa da horrela bidaiatzea.

Eta aldaketa, sekulako aldaketa suposatu du guretzat hona etortzeak. Aberatsak izatetik txiro izatera pasa gara bat-batean. Orain arte egon garen herrialdeetan bizitza maila gurea baino baxuagoa izan da eta Japonen, aldiz, bizitza maila gurea baino dezente altuagoa da eta gauza asko oso garestiak. Horregatik, hemen, bi gauetan bakarrik ordaindu dugu lo egiteagatik eta, bidaia osoan ez bezala, ia egunero kanpin-denda jarri dugu. Sukaldearekin berdin. Goizero gosaltzeko gure gosaria prestatu eta ia gauero espagetiak prestatu ditugu. Zeinen onak!!!

Aldaketa hauek asko aberastu dute gure bidaia  eta horregatik sekulako irribarrearekin agurtzen dugu herrialde hau. Gora Japon!

Orain oporraldia Filipinetan.



4 comentarios:

  1. Ba bai, gustatu zait bai.
    Gora Japon!

    ResponderEliminar
  2. Aupa bikote
    jada azken txanpan zaudete, orain filipinetan disfrutatu ondo merezitako oporrak. Xanistebanetako liburuan 5 orriko erreportaia egin dizuete. espero dut ondo jarraitzea eta ondo itzultzea elatu erraldoi bat jateko

    iñigo iloba

    ResponderEliminar
  3. Ongi pasa Oiartzungo Xanistebanetan eta Gasteizko jaietan, guk festa lagunekin egingo dugu Filipinetan!

    ResponderEliminar