martes, 25 de septiembre de 2012



Bizi gera, bizi gera… ez pentsa alfertu egin garenik baina internet lortzea ezinezkoa izan zaigu. Kargilen teorian bazegoen, baina “it’s no working” eguna egokitu zitzaigun.  Hona hemen egun hauetako kronikak.

 SRINAGAR, LEHENENGO PEDALKADAK ETA…

Srinagarren aurkitu genuen bilatzen genuen lasaitasuna, inguruko Dal eta Nagin lakuetan bereziki. Txalupan egindako txangoa zoragarria. Egunak eman ditugu bertan dauden ehunka txalupa-etxeetako batean ostatu hartuta laku inguruko bizitzaz gozatuz: Lore-saltzailea, erosketak garraiatuz merkataria, emakumea barazkiekin, turista indioak pasioan... Egia esan, inguruan hainbeste militar egongo ez balitz, toki lasaia dela esango genuke. Nonahi daude hemen militarrak, paisaian txertatuta daudela dirudi.



Srinagarreko edozein txoko da egokia errezoan aritzeko



Gustura egonda ere, bizikleta hartzeko eguna iritsi zen. Erritmo lasaian eta presarik gabe, gorputzaldia ez baitugu oso ona oraindik. Lehenengo maldak mendialderantz eta bi egunetan Sonamarg herrixkan geunden, mendi ederrez eta bertako turistez inguratuak.



Bidean neskatilak intxaurrak jasotzen



Sonamarg herrixka


Baina egiari zor, kontua gozoa baino nahiko gazi-gozoa doa oraingoz. Badirudi herrialde hauetan badagoela, nolabait esateko, ordaindu beharreko bide-saria: diarrea. Eta gu behintzat, ederki ordaintzen ari gara. Egun batzuk daramagu beherakoa ezin gainetik kendu, sabela nahastuta, sukarra…  hauxe gure lagunik onena



Ez pentsa denak hain txukunak direnik!

LEHENENGO MENDATEA ETA KARGILEN

Ez genuke txakur txiki bat emango gugatik Sonamargetik bizikletaz atera ginenean. Zoji La mendatea geneukan parez pare eta aurreko bi egunak ohean pot eginda eman ondoren… baina lortu genuen, bai horixe! Zoji La mendatetik, lokatz eta kamioi artean pixkanaka gorantz jo genuen. Aurreko bi egunetan euria egin zuenez eta mendatea itxita egon zenez, sekulako korapiloa lotu zen mendatean. Nork askatuko? Kamioak igo nahian, kamioiak jaitsi nahian… a ze eromena.



Kostata bada ere, batzuen eta besteen artean, sigi-saga, mendatearen gainera iritsi ginen.




Nahiz eta oraindik nahiko ahul gauden, inguruko edertasunak asko laguntzen du aurrera egiten. Mendi elurtuen eta bailara lehorren artean Kargilera iritsi gara, Leh ondoren Ladakheko herririk handienera. Paisaia zoragarria, kamioiak nazkagarriak eta jendea jatorra.




Txapela buruan eta ibili munduan!




LEH-N GARA!

Azkenean iritsi gara Ladakheko hiriburura. Hori bai, Kargiletik honaino atzean geratu diren kilometroak zoragarriak izan dira. Kargiletik irten ginen egunean bertan islama utzi eta budismoak ongi etorria eman zigun. Tenpluak, Budaren irudiak, Ladakheko lauki formako etxe tipikoak eta jende lasaia. Askotan kosta egiten zaigu Indian gaudela pentsatzea. Mendateetan gora eta behera gozatuz ibili gara eguraldi ona lagun. 




Ingurua oso lehorra da, basamortu itxurako mendiak eta tontor elurtuak. Ederra.


Namika La gaina (3827m)


Hanaskot herrixkara iritsi ginenean ezusteko ederra hartu genuen. Lo egiteko tokia zegoela suposatzen zen baina itxita aurkitu genuen. Inguruan galdezka hasi eta bertako familia baten etxean eman genuen gaua. Ahaztezina. Etxekoandrea errezoan aritzeko erabiltzen duten tramankulua eskuan duela jira eta bira


Eta hurrengo goizean erregali ederra genuen zain, ingurua elurtua! Fotu La (4105m) mendateko igoera aho zabalik egin genuen. Paisaia ipuin batean bezala.




Mendate gainean margolaria topatu genuen. Txukun-txukun utzi zuen seinalea gure argazkirako. Hori bai, margotzeko trasteak ez zituen kendu!



Eta igotzen dena…



Bidean topatu ditugun herrixka batzuk ezagutzeko aukera ezin genuen galdu. Gompa edo tenplu budista ederrak Budaren margo eta irudiz josita.

                                                           Lamayuru


                                                           Alchi


Likkir


Indian harritu gaituen gauzetako bat haurrak lanean ikustea izan da. Gaztetxo eta haur asko ikusi ditugu lanean ostalaritzan, zerbitzari, sukaldari eta batzuetan jatetxeetako arduradun.



Lehra iristen Zanskar ibai argia Indus ilunarekin bat egiten du. Gero Pakistanerantz joko du Indusek.


Eta azkenean… Leh. Orain atseden egun batzuk ingurua ezagutzeko.


3 comentarios:

  1. Kaixo!!!!

    Aitor naiz, k pasada. Me alegro mugollón de que estés viviendo todo eso.

    Segi disfrutatzen.

    Besarkada bat

    ResponderEliminar
  2. A ze ikuspegia gezurretazkoa ematen du

    Segi horrela eta asko disfrutatu

    Iñigo iloba

    (horrela gustatzen zait bloga sarritan eguneratzea; jarraitu)

    ResponderEliminar
  3. Ederra,
    eskerrik asko pantallaren bitartez gure burua bidaiatzen jartzeagatik.
    Besarkada bana.

    ResponderEliminar