domingo, 24 de febrero de 2013

AGUR TAILANDIA

Phuket utzi eta autobusez bueltatu ginen gure Bangkokeko etxera. Hainbat kontu geneuzkan Bangkoken egiteko. Lehenengoa Koldoren pasaporte berria jaso. Aurreko pasaportean orri zuriak agortzeke zeuden eta oraindik herrialde batzuetako bisak beharko ditugunez berria eskatu zuen. Bigarren gauza hortz klinika batetik pasa. Koldoren hagin bat minduta zegoen eta infekzio bat aurkitu zutenez hagin bat gutxiago dauka orain. Azkenik, gure bidaiako ekipai guztia berrantolatu eta txukundu. Gauza gutxi daramagu gainean baina sakabanatzen ditugunean gehiegi ditugula dirudi.


Gure bizikleta maiteak hartzeko garaia iritsi zen eta pedalei eragiteko irrikatan geunden. Bizikleta gainean agurtu genuen hiri erraldoia. Batzuk zeruan bizi dira hemen


eta beste batzuk lurrean.


Ia hilabete egon ginen bizikleta hartu gabe eta berriz hastea ez zen erraza izan. Alde batetik Bangkok bezalako hiri batetik bizikletaz irtetea ero samarra da eta beste aldetik gure hankak berriz indartu arte denboratxoa beharko dugu. Gure helburua Tailandia eta Kanbodia arteko hegoaldeko muga zen eta hasierako egunetan trafiko dezente aurki genuen.  Hori bai,  bizikletentzat eta motoentzat errepidearen ertzean tarte berezia dago eta primeran etorri zitzaigun nahiko lasai ibiltzeko.


Tailandiako herrietan motoak dira errege. Ia inor ez da oinez ibiltzen eta distantziarik motzena egiteko ere motoa hartzen dute. Oso gaztetatik hasten dira motoak gidatzen.


Gure Tailandiako bisa bukatzear zegoenez lehen bai lehen iritsi behar ginen Kanbodiako mugara. Tailandiako egun hauetaz gauza handirik espero ez genuen arren ezusteko atsegina izan dugu. Herri atseginak topatu ditugu kostaldera hurbildu garen heinean. Herrietako merkatuak bizitzaz beteriko topaleku bihurtzen dira arratsalde partean bertan antolatzen diren kaleko jantokiengatik. Ederki eta merke jan daiteke.


Hauetako herri batzuetan etxeak itsasoan sartuak dauzkate arrantzaleek.



Alde batean Kanbodiako oihana eta beste aldean Tailandiako kostaldea geneuzkalarik egin genituen gure azken kilometroak Tailandian.

 


420 km izan dira Kanbodiarako mugaraino, gehienak lauak, eta oinarri on bat izan dira berriz ere sasoian jartze aldera. Etxean bidaia prestatzen geundenean ez genuen gauza handirik espero Tailandiaz, baina orain, herrialdea uztera goazela,  makina bat gauza eman dizkigula konturatzen gara: lasaitasuna,  atsedena,  janari oparoa, itsasoa… eta garrantzizkoena, lagunak.



2 comentarios:

  1. Animo bikote
    orain gogorra egingo zaizue berriro lagunak uztea eta gainera berriro bizkletan hasi behar duzue ez al duzue perezik?????
    Gaur azterketa elurrartean egin dugu. Izugarrizko hotz egiten du eta bi egun daramatzagu elurra ari duela
    Ondo izan
    Iñigo iloba

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Egia esan oso oso arraroa egiten zaigu etxean elurra ari duela ikustea eta gu hemen izerdi patzetan. Ondo bebestu goxo goxo!!!

      Eliminar