domingo, 2 de junio de 2013

BAILARAN GORA BAILARAN BEHERA LITANGERA

Gure txinatar bisaren hilabeteko luzapena lortu eta Shangri Lari agur esanaz, bizikleten gainean martxan geunden berriz ere. Shangri La utzi orduko konturatu ginen ingurune guztiz desberdin baterantz gindoazela. Askoz ere basatiagoa, gogorragoa eta ederragoa.


Lehenengo gaua Shangcun herrixkako dendatxo honetako sukaldean egin genuen lo.


Dendako jabea emakume jator hau zen eta txoko goxoa egin zigun sutondoan. Arratsaldean denda itxi eta baserriko animaliei jaten ematera joan ginen hirurok.


Hurrengo egunean geneukan lehenengo igoera luzea. 3.910 metroko altueran, beti bezala, tibetar banderatxo koloretsuak genituen zain.


Banderatxoak eta bista ederrak, mendi harritsuek babestutako bailara. Harantz jo genuen maldan behera.



Behean, bailara berdearen erdian, erreka eta herriak.


Wengshulkun herrixkan bueltatxo bat emateko eta bertako jendearekin nahasteko aukera izan genuen. Tibetar gizon askok kapela dotorea janzten dute buruan.


Emakume hau, berriz, bere Yakak zaintzen topatu genuen. Bere txabolatxora gonbidatu eta Tibeten oso zabaldua dagoen gurinezko tea prestatu zigun. Tutu urdinean Yak esnez egindako gurina sartzen du, gero tea bota eta makilaren laguntzarekin ondo nahastu. Nahiko gogorra egiten zaie gure sabelei baina horrelako gonbite bati ezin ezetzik esan.


Bailara horretatik irteteko Daxuenchan mendatea (4.330m) zain genuen. Mendatearen zailtasunik handiena errepidearen egoera txarrean dago. Asfaltoari egur esan eta ia 80 kilometroan harrizko eta hautsezko pista gogor bati aurre egin behar izan genion.


Behetik gora ikus daiteke bideak mendiaren magalak nola marrazten dituen. Gaina urrun, oso urrun, ikusten den arren,


beti iristen da goitik behera begiratzeko unea.


Denbora kontua da tontorrera iristea.


Daxuenchan mendatera iritsi eta bertatik ikus daitekeen paisaia izugarria da. Jaitsiera luzea baino lehen, kilometro batzuk egin behar dira puntaz punta. Gogorra izan arren, bailara eta mendiek ezinbesteko laguntza eskaintzen dute bidearen gogortasuna lehuntzeko.


Azkenean iritsi zen hainbeste itxaroten genuen jaitsiera. Arazoa zera da, pista harritsutik behera egitea ez dela batere xamurra. Gorantz nekatu eta beherantz baita ere, hau komeria!


Hantxe genuen bailara berri bat zain. Zortzi ordu eta erdi bizikleta gainean ibili ondoren iritsi ginen behealdean ikusten den Namukun herrixkara. Egun luuuuuze eta edeeeeerra.


Paisaia asko aldatu zitzaigun bailara honetan. Pinuen berdetik lurraren kolore lehorrera pasatu ginen.


Etxeetan ere aldaketa. Etxeek teilatua izateari utzi zioten eta forma karratua eta kolore zuria nagusitu ziren.


Lurraren lehortasunarekin kontrastea eginez gari berdearen kolorea agertzen da etxe askoren inguruan.


Bailararen bukaeran, hurrengo eguneko mendateari ekin aurretik, Shagong herrixkan egin genuen geldialdia. Gaua ospitalean pasa genuen.


Baina lasai, ez genuen inolako gaixotasunik izan! Herrixkan lo egiteko toki bila hasi eta ospitaleko medikuek hutsik zeuden bi ohe eskaini zizkiguten, ospitaleko bi ohe, noski. Hasieran, erientzako tramankuluez inguraturik egotea arraro samarra egin bazitzaigun ere, ohe erosoak ziren eta primerako atsedena izan genuen. Ohearen eta afariaren ordainean saskibaloi partida jokatu behar izan genuen. Arnasestuka ibili ginen oxigeno nahikorik ezin lortu!


Hurrengo egunean, Litangerako bidean mendaterik garaiena genuen zain, Kuluke medatea (4.708m). Bailara eder eta estu batetik gora hasten da 32 kilometroko igoera luzea.


Bidean, atsedena hartu eta mokadutxo bat egiteko orduan, Yak zaintzaile jatorrak.


Bailara zabaldu eta pinuz estalitako mendi magalak behealdean geratzen joan ziren altuerako lehortasunari bide emateko.


Lortu dugu, Kuluke mendatearen puntan gaude!



Goialdean, alde guzietara begiratu eta belardi zabalez eta mendiz inguratuak geunden, zoragarria. Haizea zebilen arren hotzik ez.


Behealderako bidea hasi bezain pronto, zapla! Koldoren gurpileko kubiertak kito esan zuen 4.500 metroan geundela. Makina bat kilometro eginak zituenez atsedena hartzeko ordua zela pentsatu zuen. Hortaz, ordezkoa atera, aldatu eta aurrera Sangdui herrirako jaitsieran.



Tibet erlijioarekin estuki loturiko lurraldea da eta hori egunero bizi dugu. Budismo tibetarra oso presen dago toki guztietan. Eraikin hauek, adibidez, gurpil erraldoiak dituzte barruan. Tibetarrak hamaika buelta ematen dizkiote gurpilari bere inguruan errezatzen duten bitartean.



Forma borobilak zentzu berezia dauka.


Eta emakumeak eskuan duen tramankulu berezi horri ere etengabe ematen dizkiote birak errezatzen duten bitartean.


Guk, errezatu, ez dugu errezatzen, baina tira, buelta batzuk eman dizkiogu tramankuluei zorte onaren esperoan.

Hurrengo egunean Tuer mendatearen (4.696m) txanda zen. Bertarako bidean paisaia aldaketa berri batez gozatzeko aukera izan genuen. Egia esan, egiten ari garen ibilbideak oso paisaia anitzak eskaintzen dizkigu. Honako honetan harri erraldoiez eta arrokaz estalitako goi lautada izan genuen.

 

Goi lautadan zehar makina bat laku txiki.


4.500 metro inguruan norbait bizi al daiteke? Norbait aurkitu al daiteke horrelako ingurune gogorrean? Bai. Yakak inguruko belardi zabalak oso gustuko dituzte.


Eta beraiekin batera, nola ez, Yak zaintzaileak. Hantxe topatu genuen emakume jator hau bere seme txikiarekin. Ezerezetik agertutako pertsona miresgarriak.


Mendialdean, goi lautada deitu arren, ibilbide laurik ez dugu aurkitu. Bidea beti gora eta behera. Ezusteko paisaia aldaketak eta baila berriak.


Mendate baten gainera iristearen poztasuna izugarria da. Tuer mendatean bezala, bertaraino pedalei eragiten iristeagatik


eta bailaran behera jaitsiera luzearen saria zain izateagatik.


Mendateen bukaeran belardi zoragarriak zabaltzen dira. Belardi zabal hauetan herrixkak daude eta belardien bukaeran, zeruertzean, mendiak, beti mendiak.


Herrixketako etxeetan kolore aldaketa berri bat eman da. Forma karratua izaten jarraitzen badute ere, orain, Zhousang herrixkako etxe honek bezala, zuri kolorea alde batera utzi eta lurraren kolore bera hartu dute.


Ia dena primeran joan den arren, den dena ez da perfektua izan. Shangdui herrixkatik Litangerainoko errepidea berritzen ari dira eta 120 kilometroan obratan zegoen bidea. Hautsa dezente jatea tokatu zaigu eta bidea gogortzeaz gain itsustu ere egin digu. Baina tira, guri gustatzen zaigun bezala, gauza txarrak ahaztu eta onekin geratzen gara.


Litangera iritsi aurretik azken esfortzua geneukan Temple mendateraino (4.136m) iristeko. Mendatearen gainean tenplu eder bat dago eta banderatxo budistaz estalitako tenplu itxurako harkaitz erraldoia. Litangerako bidean azken mendatea!


Mendatetik, bailararen bukaeran, lautada zabala ikus daiteke eta lautadaren bukaeran, Litang, gure helburua.


Baina Litangera iristear geundela ospakizun txiki bat izan genuen: 10.000 km!!! Gezurra badirudi ere Kashmirren bizikleta gainean jarri ginenetik 10.000 egin ditugu jada. Eaaaaarra!


Litangera nekatuak iritsi gara, nekatuak baina pozez gainezka eta bizitakoaren handitasunean ezin kabitu. Orain atseden hartzeko pare bat egun izango ditugu eta gero Ganzi alderako bideari ekingo diogu iparralderantz. Orain atsedena eta gero gerokoak.

2 comentarios:

  1. Zer moduz zabiltzate Txinatik? Zer moduz urte sabatikoa? Ziur nago pertsona eta leku interesgarri ugari ezagutu dituzuela.

    Hemen Gasteizen gauzak nahiko hotz daude, badirudi aurtengo uda neguaren antzeko izango dela. Bestela, gauzak ondo dabiltza. Ikasturtea ongi egon da, gutako askok jada bukatu dugu. Urtebete igaro bada ere, oraindik arraroa egiten zait Armentiako ikasle ez izatea.

    Zuen berrian zain.

    P.D: Koldo, astebete barru ni ere ibiliko nahiz Txinako leku batetik bestera.=P

    ResponderEliminar
  2. Me encanta los photos!! Ya lo se que deberia escribirles mas, pero pienso en ustedes mucho. Me da mucho gracia pensar que todavia estan andando con la bici!! Incredible y me da mucho mucho envidia.

    Leslie y yo ya hemos comprado boleto para ir a Euskal Herria!! Vamos a estar alli al final de augusto y al inicio de septembre. Seria justo cuando estan de vuelta y espero que no seria demasiado por ustedes, pero tengo mucho mucho ganas de ir por una visita, y fue el unico momento en que Leslie tambien podria ir. Que les vaya bien, y nos vemos pronto!!

    ResponderEliminar