jueves, 13 de junio de 2013

LITANGETIK GANZIRA, YALONG IBAIA

Litangeko atseden egunak inguruak ezagutzeko baliatu genituen. Herritik irten eta mendiz inguraturiko belardi zabaletan etzatea eta erlaxatzea oso atsegina da.


Belardi hauetara jendea hurbiltzen da animalien kaka biltzera. Kaka hau, Ladakhen eta Nepaleko mendialdean ikusi genuen bezala, ongi lehortu eta sukalderako erregai preziatua da.


Litangeko biztanleei harridura sortzen die mendebaldeko zuriak ikusteak eta etengabe agurtu eta beraiekin esertzera gonbidatu gaituzte solasean aritzeko edo, gutxienez, saiatzeko.


Herri galdua dirudi Litangek, gizonen jantziei erreparatuz, “Far West”etik aterakoa.


Hori bai, hemen, zaldiak erabili beharrean motoak erabiltzen dituzte. Dotore apaintzen dituzte eta, kasu askotan, argazkian ikusten den bezala, hotzari aurre egiteko eskularru finkoekin.


Litangeko monasterioa bisitatzera hurbildu ginen eta monjeak errezoan topatu genituen. Errezoak, tutu erraldoiak eta danborrak.



Etengabe harritzen gaitu tibetarren fedeak. Emakume hauek beraien burua lurrera botatzen dute arrastaka errezatzeko.


Litangen atsedena hartu ostean joateko eguna iritsi zitzaigun. Belardi zabalak inguruan eta Yakak belarra jaten genituela urruntzen joan ginen.


Litangetik Ganzira doan bidegurutzea hartu eta a ze bide ona! Berri-berria, leuna... aspaldiko partez!


Bailara uzteko 4.469 metroko mendate bat pasa behar genuen.


Baina eguna aurrera joan ahala zerua lainotzen joan zitzaigun eta mendatean gora gindoazela lehen euri tantak sumatu genituen. Konturatu orduko sekulako ekaitza bota zuen, kazkabarra goitik behera! Eskerrak ordurako aterpea topatu genuela sutondoan goxo-goxo.


Tibetarrek etengabe erakusten digute beraien eskuzabaltasuna eta , honako honetan, gizon jator honek bere plastikozko aterpeko ateak ireki zizkigun parez pare.


Ekaitza atertu eta laino artean pasa genuen mendateko gaina.


Jaitsiera hasi bezain pronto kanpamendu berezi honekin topo egin genuen.


Tibeten harritu gaituen kontu batekin lotuta dago kanpamendua. Tibetarrak, garai honetan, mendi garaietara hurbiltzen dira har-onddo berezi baten bila: “Yatsa Gunbu” izena du tibetarrez eta “Chinese Caterpillar Fungus” ingelesez. Onddo batek, lur azpian, har hau parasitatzen du eta hil eta momifikatu ostean lurpetik ateratzen da onddoa.


Tibetar ugari topatu dugu har-onddo berezi honen bila mendialdean eta kanpamenduak ere antolatzen dituzte bertan egunak emateko. Sekulako salerosketa topatu dugu har honen inguruan. Har bakoitzagatik 40 yuang (5 euro) ordaintzen dute eta hauek gero hirietan askoz garestiago ordaintzen omen dira. Medikamendu berezi bat egiten da har hauekin eta tibetar eta txinatar medizina tradizionalean oso ezaguna da.


Kanpamenduari agur esan eta guk aurrera jarraitu genuen bailaran behera.


Bailaren bukaeran Yalong ibai indartsua genuen zain. Ibaiarekin topo egin bezain pronto aurreko eguneko errepide zoragarria harrizko pista gogaigarri batean bilakatu zitzaigun: obrak berriz ere. Zerutik infernura azkar asko pasa zaitezke.


Jendearen animoak ez zaizkigu sekulan falta


nahiz eta batzuk nahiko lotsatiak izan.


Jendearen animoak eta paisaiaren edertasuna lagun askoz errazago egiten dira kilometro gogorrak. Yalong ibaiak bailara erraldoia sortu du bere bidean eta mendien horma bertikalek babesten dute ibaia.


Herrixka tibetarrek ibaiaren bi ertzak apaintzen dituzte.


Xinlong bidean topatu dugun herri handiena izan da. Bertan, ostatua hartu genuen hoteleko langileek loa, afaria eta afal osteko garagardoak musu-truk eskaini zizkiguten. Topa!


Emakumeen janzkerez gozatzen jarraitu dugu. Emakume honen ilea adibide.


Baina inguru honetan gizonezkoek ere mantentzen dituzte ohiturak. Khamp tibetarra da honako hau.


Hiru egun eman ditugu ibaian gora bihurgune bakoitzaren atzetik zer aurkituko dugun jakin gabe. Momentu oro ezusteko berri bat.


Renda herrixkan lotarako toki bila hasi eta familia tibetar honen etxean jarri genuen kanpin-denda. Beraien etxeko ateak ireki eta afari berezia prestatu ziguten: Tibeten oso zabalduak dauden momoak. Irinez eginiko maza batez estaltzen dituzte barazkiak (edo haragia) eta gero baporezko pertza batean prestatzen dituzte. Hementxe etxekoandrea momoak egiten.


Senar-emaztea, semea eta gu biok afaldu genuen elkarrekin etxeko suaren ondoan. Sukaldea da etxeko tokirik goxoena eta suaren inguru da topalekurik gustukoena.


Goizean goiz, agurtzerakoan, hunkituta alde egin genuen. Estimua hartu genion elkarri.


Ganzira gerturatzen ginen heinean bailara estutzen joan zen. Yalong ibaiaren sigi-sagak areagotzen


eta ibaiaren urak harrotzen.



Bat-batean, bailara zabaldu eta Ganziko lautada zabalean geunden. Elurrez estalitako mendiz inguratutako lautada zabalean kokatzen da herri handi hau.


Ganzin, paisaia ederra eta Tibeteko giroaz gain, pertsona berezi bat aurkitu genuen: Dhondup. Hamazazpi urte eman ditu Indian, zortzi urtetatik. Bere gurasoak beldur ziren Txinaren eraginpean beren semeak tibetar sustraiak galduko ote zituen. Indian dago Tibeteko gobernua atzerrian eta han jaso du Dhondupek tibetar hezkuntza. Familiaren berotasunaren beharrak bultzatuta duela hiru hilabete bueltatu zen Tibetera. Ongi prestatutako koartada baten laguntzaz Indiatik Nepalera eta Nepaletik Tibetera pasa zen. Txinako gobernuak Indiatik zetorrela jakinez gero ez luke ez Tibeten ez Txinan sartzeko aukerarik izango. Nepal erabiltzen dute tibetarrek Indian dagoen beraien atzerriko gobernurako zubi bezala.


Ingelesa oso ongi hitz egiten duenez egun osoa elkarrekin eman genuen Ganzi ezagutzen. Gure gida izan zen egun betez. Bere aita pertsona garrantzitsua da inguru honetan indar handia duten Lamekin duen harremanagatik eta tibetarrek asko miresten dute. Ganziko emakumezkoen monasterio baten ardura du eta Dhondupek lagunduta hara joan ginen bisitan. Gezurra badirudi ere, laurogei urte ditu.


Moja jatorrek monasterioko txokoak erakutsi zizkiguten.


Dhondupen familiak, familia txiroetako haurrentzat eskola bat antolatu du Ganzin. Jo eta ke lanean topatu genituen haurrak.


Gure laguna eta bere familia agurtu ostean Ganzi atzean utzi genuen. Hemendik pixkanaka ekialdera joko dugu Chengdurako bidean. Ganziko ingurune menditsuari agur esan eta Danba izango da hurrengo geltokia.



No hay comentarios:

Publicar un comentario