JAPONEN,
NATURAZ GOZATZEN
Matsumoto
atzean utzi eta bigarren mailako errepideetan zehar mendialdean
barneratu ginen bete-betean.
Japoneko gauzarik onenetarikoa errepideen egoera bikaina da. Errepiderik
galduenean ere asfaltoaren leuntasunaz goza dezakezu.
Etengabe aurkitu dugu ura: errekak, ibaiak,
ur-jauziak, lakuak edota gizakiak eragindako urtegiak.
Japoneko
Alpeetako Noyumi mendatearen gaina izan da gure Japoneko punturik garaiena 1.672
metrorekin.
Malda gogorrak izan ditugun arren batzuetan
tunelek mendia zulatu eta bidea lauagoa egiten dute. Ongi argiztatuak egon
arren tunel batzuk oso luzeak dira eta ez da sentsazio atsegina zulo hauetan
sartzea.
Irteerarako biderik motzena adierazita dago.
Baina erdian zaudenean, ezker edo eskuin?
Takayama herria ezagutzeko geldialdia egin genuen. Garai bateko estiloa
mantentzen dute bertako zenbait kale eta etxek eta turista japoniar dezente
hurbiltzen da bertara.
Takayama ikusi eta gaua inguruko mendialdean eman genuen Utsueshi Juhachi ur-jauzien ondoan.
Takayamatik Shirakawa-go
herrixkarantz gindoazela, Amo
mendatean, aurkitu genuen Japoneko biderik aldapatsuena. Gorako bidean nahiz beherako bidean.
Shirakawa-go herrixka ezaguna da Japonen
bertako etxeengatik. Nahiz eta berrituta egon
antzinako estrukturak mantendu dituzte eta oso bereziak dira; Teilatutik oinarriraino egurrezkoak. Guri Asterix eta Obelixen herrixka zetorkigun burura.
Japoniarren zaletasun batzuk ezagutzeko aukera
izan dugu bidean. Beisbola da hemen kirol nagusiena eta helduak eta gazteak
askotan topatu ditugu beisbolean.
Arraina hain gustuko izanda arrantzaleak ere
nonahi aurkitu ditugu, bai errekan bai lakuan.
Motoz bidaiatzea. Errepidean motorzale ugari
topatu dugu bidaiatzen. Sekulako mototzarrak dituzte guztiek baina gehien ikusi
ditugunak Harley Davidson dotoreak
izan dira. Hori bai, honako hau izan da guztietan harrigarriena. Makarra
samarra tipoa.
Shirakawa-gotik aurrera egin eta Kuzuryu urtegira
iritsi ginen.
Gauean sekulako euri zaparrada bota eta hurrengo
goizean gure ondasun guztiak lehortzen jarri behar izan genituen. Ordutik aurrera gure kanpin-denda babesteko
aterpetxoa bilatu dugu egunero, baita aurkitu ere!
Tokyotik Osakarako bidean ia egunero
kanpin-dendan lo egin dugu. Japonen
lo egiteko ostatuak oso garestiak dira eta kanpin-denda jartzeko toki aproposak
ez dira falta. Komunak oso garbiak, mahaiak eta aulkiak, teilatutxoak… herrietako parkeetan
kanpatuta ere inork ez digu ezer esan. Gau batean, 23:00ak inguruan lo geundela, polizia
hurbildu zitzaigun eta nortzuk ginen ikusi ostean “good morning” esanaz agurtu ziren.
Ono herritik gertu Hokyoji tenplua bisitatu genuen. Basoan txertatuta dago
1.300. urtean sortutako tenplu eder hau eta bertan bizi diren hamar monje budisten
gonbitea jaso genuen tea beraiekin hartzeko.
Bilera motz bat egin ondoren bukaeran aurkezpen
ofiziala ere egin ziguten.
Shunki monjea izan zen gure gida.
Tenplua utzi eta berehala 60 metroko Ryusoya ur-jauziarekin topo egin
genuen.
Gure hurrengo helburu nagusia Biwa lakua zen, Japoneko lakurik handiena. Zein ingurune ederra!
Asko gozatu dugu lakuaren inguruan bizikletaz
eta, japoniarrak bezala, baita bainua hartzen.
Ilunabarra Biwa lakuan
Ia Asia
osoan bezala, arroza edonon.
Biwa lakutik oso gertu dago Kyoto
hiria eta bertara jo genuen jarraian. Hiri handia izan arren oso toki atsegina
da Kyoto eta lasai asko ibili ginen
hirian zehar bizikletaz bertako txokoak ezagutzen. Eraikin zahar ugari dago
hiri osoan zehar, guztiak oso ongi zainduak.
Merkatua
Musika tradizionala
Familia honek bezala jende askok jazten du jantzi tradizionala Kyoton, kimonoa.
Kyoton gehien gustatu zaiguna arratsaldero hiri erdian dagoen ibai ertzeko
giroa da. Kyototar ugari hurbiltzen da bertara lasai egotera, erlaxatzera,
solasean aritzera…
Kyototik egun bakarrera geneukan gure Japoneko
azken geltokia, Japoneko bigarren
hiririk handiena, Osaka.
Gure bizikletak hegazkinean sartu behar
ditugun bakoitzean lan gogorra izaten dugu aurretik: kartoizko kutxak bilatzea.
Behin kutxak lortuta Osakako
kaleetan zehar garraiatu behar.
Osakan topatu dugu Japoneko
altxorrik handienetako bat, Bang Kwansak
eta Ono Sanae bikotea. Kwansak hego-korearra da eta Sanae japoniarra. Kwansak txirrindulari amorratua da eta beraien etxeko ateak parez pare ireki dizkigute.
Izugarria izan da eskaini diguten laguntza guztia eta
beraiekin eman ditugun hiru egunak ahaztezinak izan dira. Agurra, nola ez, afari
oparo batekin egin dugu : Sushia. Zoragarria.
Bihotz-bihotzez, eskerrik asko, arigato
gozaimasu, thanks, gracias…
AGUR
JAPON
Hasierako planetan ez bazegoen ere patuak Japonera ekarri gaitu eta izugarri
gozatu dugu. 25 egun eman ditugu bertan eta 1.165 kilometro izan dira
bizikletaz egindakoak, errepide bikainetan baina uste baina malda gehiagorekin.
Ezusteko ona eman digu natur ikuspuntutik. Oso berdea izan da gure Japon eta hiri erraldoietatik at basoek eta mendiek etengabe inguratu gaituzte.
Zer esan lasaitasunaz. Ziurtasun osoz bidaiatu
dugu uneoro. Seguruenik, bidaia osoko herrialderik lasaiena izan da
guretzat. Bizikletak lotu gabe edonon uzteko aukera, edozein txokotan lo
egiteko aukera… askoz atseginagoa da horrela bidaiatzea.
Eta aldaketa, sekulako aldaketa suposatu du
guretzat hona etortzeak. Aberatsak izatetik txiro izatera pasa gara bat-batean.
Orain arte egon garen herrialdeetan bizitza maila gurea baino baxuagoa izan da
eta Japonen, aldiz, bizitza maila
gurea baino dezente altuagoa da eta gauza asko oso garestiak. Horregatik,
hemen, bi gauetan bakarrik ordaindu dugu lo egiteagatik eta, bidaia osoan ez
bezala, ia egunero kanpin-denda jarri dugu. Sukaldearekin berdin. Goizero
gosaltzeko gure gosaria prestatu eta ia gauero espagetiak prestatu ditugu.
Zeinen onak!!!
Aldaketa hauek asko aberastu dute gure
bidaia eta horregatik sekulako
irribarrearekin agurtzen dugu herrialde hau. Gora Japon!
Orain oporraldia Filipinetan.