miércoles, 26 de junio de 2013

GANZITIK DANBARA, AGUR TIBET

Ganzi atzean utzi eta kilometro gutxira errepide ona lokatzezko pista irristakorra bilakatu zitzaigun. Aspaldian ez bezala, gure bizikletak bultzatu behar izan genituen. Etsigarria.


Lokatzarekin askoz hobe moldatzen gara maldan behera.


Tibeteko gure azken egunak oso bereziak izan dira. Herriz herri ibili gara eta hiru egun jarraian eman ditugu tibetarren etxeetan lo egiten. Lotarako toki bila hasi eta beraien etxeko ateak ireki dizkigute. Lokatzari aurre egin genion egunean elkarren ondoan sukaldean goxo berotu ginen.


Hurrengo egunean, eguzkia lagun eta errepide bikainarekin, askoz aldarte hobearekin ekin genion bideari. Ibaiaren ondoan bailara zabal batetik behera ziztu bizian egin genituen kilometroak



Tibet inguruan, mendietan, tibetarrez idatzitako kontu ezberdinak topa daitezke.


Pixkanaka azken mendateak gainditzen joan gara.



Honako honetan 3.950 metroan gaude. Guk, gehienetan, mendateen gainetara iristea argazki batekin ospatzen badugu…


tibetar askok gainak pasatzerakoan errezoz idatzitako paperak jaurtitzen dituzte airera.


Bamei herrira iritsi aurreko mendatea pasa eta zeinen paisaia ederra. Belarrezko alfonbra laua, Yak taldeak han-hemen, tenplu budistak eta mendiak. 



Hurrengo egunean, Bameitik Danbara, berriz ere 4.000 metrora igo ginen. Tontorretik sekulako menditzarrak ikus daitezke.


Bailaran bukaeran, 60 kilometroko jaitsieraren ostean, Danba herria zain genuen: gozamena!


Baina jaitsiera hasi bezain pronto beste ezusteko eder bat: Yala mendia (5.820 m) eskuinean.


4.000 metroan hasi genuen jaitsiera eta 1.880 metroan bukatu Danban. Bailara estu batean aurkitzen da Danba herria harrizko pareta bertikalez inguratua. Inguruko herririk garrantzitsuena da.


Bertan, berriz ere, emakume tibetarren janzkerak txunditu gaitu.



Zonalde honetako dorreak ezagunak dira. Bailaran zehar nonahi ikus daitezke aitzinako dorre hauek, dozenaka. Gu, Suopo herrixkara hurbildu ginen dorreak gertutik ikustera.


Gure Tibeteko sarrerako atea Shangri La izan bazen, gure Tibeteko irteerako atea Danba izan dela esan dezakegu. Danban tibetarren eta txinatarren arteko nahasketa handia dago. Tibetar emakumeen jantziak txinatarren komertzio modernoekin nahasten dira. Hemendik aurrera, poliki-poliki, Tibet Txinan lausotzen joan zaigu guztiz desagertu arte.

DANBATIK CHENGDU HIRIRA, SIGUNIANG MENDIAK

Danba herria bailararen behealdean utzi eta guk goranzko bideari ekin genion Rilong herrixkarantz.


Rilong Siguniang Shan mendietara joateko sarrera da. Siguniang Shanek Lau Neskak esan nahi du txinatarrez eta bertan dauden lau tontorrek ematen diote izena inguruari. Bi eguneko ibilbidea egin genuen Haizi Gou bailaran (Lakuen Bailara). Oinez hasi eta berehala Lau Neskak agertu zitzaizkigun eder eta galant. Ezkerretik eskuinera, gazteenetik zaharrenera: Siguniang Shan (6.250 m), Sanguniang Shan (5.664 m), Erguniang Shan (5.454 m) eta Daguniang Shan (5.355 m) hurrenez hurren.



Bailara zoragarrian barna ordu batzuk egin ostean bailarari izena ematen dioten lakuak topatu genituen. Da Haizi (Laku Handia) lehenengo


eta Hua Haizi (Loreen Lakua) gero.



Ingurunearen edertasunak aho bete hortz utzi gintuen. Hua Haizi ondoan kanpin-denda jarri eta bertan eman genuen gaua.



Hurrengo egunean bailaran aurrera egin genuen mendietara gehiago gerturatuz.


Benetan txiki sentitzen zara naturaren handitasunaren aurrean.



Siguniang Mendiak utzi eta bidaia honetako azken mendate handia genuen zain. Dagoeneko mendateei ez diegu beldurrik, nahiko ohituta gaude, beste zerbaitek beldurtu gaitu ingurune honetan. 2.008ko maiatzaren 12an, 8.0 mailako lurrikara beldurgarri baten ingurune hau oso gogor astindu zuen ia 100.000 hildako eraginez. Inguruan oraindik lurrikara horren arrastoak ikus daitezke. Lurrikararen eraginez mendietatik harkaitz asko erortzeaz gain beste asko solte geratu ziren. Errepide berrira, inguruko hormetatik, harri asko erortzen dira eta pedalei eragiten genien bitartean gorantz begira joan gara badaezpada ere.


Errepide zaharraren egoera lurrikaren ostean.


Horrelaxe igo genuen Balang mendatea (4.500 m), gure azken mendate handia.


Zerua geroz eta estaliago,


laino artean, tenplu tibetar honen aurrean ospatu genuen gure azken gaina.


Laino guztien azpitik han behean ikus daiteke bailara. Harantz goaz.


Bailaran behera egin eta lainoei agur esango genielakoan geunden, baina ez zen horrela izan. Lainoa ongi sartuta zegoen bailaran. Bustialdi polita hartu genuen.


Gogorrena, ordea, etortzear zegoen. Errepide bikaina izan dugu azken egunetan, berri-berria, oso lasaia. Baina 23 kilometroan obretan daude oraindik. 23 kilometro obretan gehi euria, hona hemen batuketaren emaitza:


Baina okerrena ez zen lokatzezko plisti-plasta izan, berri txarrena bizikletaren gurpilean zegoen.


Bidaia honetan gurpileko bigarren uztaia apurtu du Koldok. Bidearen gogortasunaren ordaina. Baina patuak ezusteko on asko ematen dizkigu eta horixe gertatu zaigu Dujiangyan hirian. Chengdu aurreko azken geltokia zen Dujiangyan eta lokatzez beteta eta gurpila apurtuta iritsi ginen bertara. Lotarako toki bila genbiltzala bizikleta denda honekin topo egin, bertakoek hurbiltzeko esan eta solasean hasi ginen. Hotela aurkitzen lagundu eta afaltzera gonbidatu ziguten.


Hurrengo egunean gurpila konpontzeaz gain bizikletak errebisatu zizkiguten. Chengdura oraindik ez joateko eta beste egun bat beraiekin geratzeko eskatu ziguten. Azkenean, bizikleta dendako jabeekin, langileekin eta beraien koadrila eroarekin afaltzen bukatu genuen.


Chengdu inguruan oso famatua den Hot Pota afaldu genuen. Mahaiaren erdian dagoen pertza hori da Hot Pota eta bertan berotzen dute janaria: okela, arraina, barazkiak… denetarik sartzen dute hor, ondo egin eta bero-bero prest dago jateko. Bero eta pikante, oso pikante.


Dujiangyanen sabela eta animoak ongi berotuta, azkenean, iritsi gara Chengdura. Duela ia bi hilabete Kunmingen bidea hasi genuenean hain urrun eta zail ikusten genuen helburua bete dugu: Chengdun gara!!! Guretzat behintzat, sekulako balentria izan da. Mao berbera Chengdun genuen ongi etorria emateko prest.


2 comentarios:

  1. Hostias!
    Mendikateaz aparte, Hot Pot-arekin ere ausartu zarete!
    Putxero hori infernuan bertan eginda dirudi!

    RESPECT!

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Ausartu, ausartu ginen, baina hurrengo goizean komunera bisitaren bat ere egin behar izan genuen!!!

      Eliminar