DARJEELING
Nepal utzi eta gure hurrengo geltokia Darjeelingen
zegoen. Bertan agurtu nahi genuen Himalaya
eta horretarako lautadatik ia 2.200 metrora igo behar izan genuen. Bi egunean
iritsi ginen. Darjeeling toki
berezia da Indian. Britainiarren kolonizazio garaian oporretarako gune
izandakoa orain indiarrentzako turismo gune bilakatu da. Baina britainiarren
garaiko arrastoak geratzen dira. Te landekin batera ezagunena, agian,
jostailuzko trena deiturikoa da. Tren txiki hau Siliguri hiritik Darjeelingeraino
doa. Gaur egun, halere, luiziak direla eta ibilbide motzagoa egiten du. Lasai
asko jo genuen bidean gora trenbidea ondoan lagun genuela.
Gu gorantz bagindoazen, beste batzuk
beherantz.
Gaur egungo tren txiki gehienak diesel
motatakoak badira ere, oraindik mantentzen dute lurrunezko tren zaharren bat
turismoari begira.
Trenaz gain britainiarrek beraien erlijio ere ekarri zuten, nola ez.
Darjeeling Indiak bereganatu aurretik Nepaleko zatia zen eta horregatik, gaur egun, Darjeelingeko biztanle gehienak Nepaleko hizkuntza hitz egiten dute eta Nepaleko mendialdean bezala budismoa nonahi aurkitu daiteke.
Baina Darjeelingek
daukan harribitxirik ederrena ez zuten britainiarrek ekarri, hori aspaldi jarri
zuen naturak bere tokian: Kangchenjunga
mendia(8.586). Munduko hirugarren mendirik altuena da Everest eta K2 mendien
ostean. Eguna argia bada primeran ikusi daiteke.
Abenduan negua eta hotza nagusi dira eta egun
lainotuetan batez ere oso ongi babestea komeni da.
Plazan etengabe edan daiteke tea hotzari aurre
egiteko
Lau egunez atseden hartu ostean agur esan
genion Darjeelingi eta bertako
erosotasun eta turismoari. Hori bai,
oraingoan maldan behera.
Darjeelingen bezala, bai Nepalen eta
bai Indian jende asko topatu dugu edozein txokoan badmintonean jolasten. New Jalpaigurin Koldok ezin izan zion
tentazioari eutsi.
KOLKATA
(Kalkuta)
Siliguri
hiriaren ondoan dagoen New Jalpaigurin hartu genuen Kolkatarako
trena. Bizikletak fakturatzea oso erraza izan zen eta primeran iritsi ziren.
21:00ean atera behar zen trena 22:00ean atera zen eta goizeko 6:45ean iritsi
beharrean 10:00 iritsi zen! Indian
trenean bidaiatzea esperientzia polita da. Nahiko ongi antolatuak daude trenak eta lotarako aukera ere izan
genuen. Hori bai, goizean goiz hasi zen jendea gora eta behera, janari
saltzaileak gehienbat gosaria eskainiz.
Kolkatako gure egonaldia oso berezia izan da PBKOJP erakundea eta bertako kideak ezagutzeko parada izan baitugu.
Erakunde honek Kolkatako auzo
txiroetan zabalduta hamahiru proiektu ezberdin ditu denak behar handia duen
jendeari laguntzeko. Horietako batzuk ezagutu genituen. Tren geltokian zain
genituen PBOJPko bi kide eta
izugarri lagundu ziguten Kolkatan
zehar.
Auzo txiroetako gazteentzako Cricket taldea.
Aukerarik ez duten gazteek Indian
hainbeste maite duten kirol honetan aritzeko aukera ematen diete.
Auzo hauetan inolako aukerarik ez duten
haurrentzako eskolak antolatu dituzte. Auzo batean, bereziki, lanean hasi
zirenean %5 zen eskolara joaten zen
haurren portzentajea. Gaur egun, auzo horretan eta lanaren poderioz haurren %90
doa eskolara.
Zailtasunak zailtasun, inoiz ez da irribarre
bat falta.
PBKOJP erakundearen egoitzaren azken solairuan hamasei neska gazte bizi dira. Beraien
amak prostituzioan lan egiten dute. Hamasei neska hauek giro gogor horretatik
at bizitzeko aukera dute elikadura, osasun eta hezkuntza egokia jasoz. Egun
ederra pasa genuen beraiekin!|
Sekulako esperientzia izan da erakunde hau eta
egiten duen lan izugarriaren zati bai ezagutzea. Toki desberdinetatik jasotzen dute lanean
jarraitzeko diru laguntza, horien artean Euskal Herritik. Eskerrak eman nahi
dizkiegu bereziki Dipak, Bibhuti, Pradip eta Sarkarlali
egin diguten harrera beroagatik eta etxetik hain urrun egonda ere hain ongi
sentiarazteagatik. Eta nola ez, Maiteri,
beraiekin harremanetan jartzeagatik eta hau guztia ezagutzeko aukera
emateagatik.
Luze eta zabal solasean gustura ibili ginen.
Egia esan, eta hasieran beldurra bagenion ere,
ongi sentitu gara Kolkata hirian.
Lagunak egiteaz gain jende atsegina topatu dugu inguruan eta txoko ederrak ere
bai.
Hiri guztiek bezala trafiko arazoa badu.
Britainiarren garaiko monumenturik ederrena
Victoria Erreginaren omenez eraikitako “Victoria Memorial”.
Eta eguneroko bizitzan biztanle xumeak. Gure
Guest Housearen ondoan emakume honexek prestatzen zigun egunero tea. Maitagarria.
Bizitzaren patuak gure Gabon Gaua hemen
pasatzea nahi izan du. Euskal Herritik urrun egon arren afaria berezia izan
zen, pilla, pilla, pila…
Hurrengo geltokia, Myanmar. Kolkatako
aireportuan hegazkina zain daukagu Bangkokera
eta hemendik zuzenean Yangonera
joateko. Urte berria, herrialde berria.
Han ere tranbia, Gasteizen bezela! Kontuz gurpilak errailetan sartu gabe.
ResponderEliminarKoldo, estilo ona badmintonean e! Baina estiloak estilo... irabazi ala galdu?
Nik ere hemen patata tortila.
Estiloak estilo... irabazi! Set bakarra jokatu genuen baina aspaldi Badmintonean jolastu gabe egoteko nahiko ongi moldatu nintzen. Zuk gozatu elurraz, aurtenko neguan guregatik ere skiatuko duzu.
ResponderEliminargu horrelako trenetan ibili ginen ere! ze oroitzapenak!
ResponderEliminarbueno, urte berri on eta muxu bat!