jueves, 27 de diciembre de 2012


DARJEELING

Nepal utzi eta gure hurrengo geltokia Darjeelingen zegoen. Bertan agurtu nahi genuen Himalaya eta horretarako lautadatik ia 2.200 metrora igo behar izan genuen. Bi egunean iritsi ginen. Darjeeling toki berezia da Indian. Britainiarren kolonizazio garaian oporretarako gune izandakoa orain indiarrentzako turismo gune bilakatu da. Baina britainiarren garaiko arrastoak geratzen dira. Te landekin batera ezagunena, agian, jostailuzko trena deiturikoa da. Tren txiki hau Siliguri hiritik Darjeelingeraino doa. Gaur egun, halere, luiziak direla eta ibilbide motzagoa egiten du. Lasai asko jo genuen bidean gora trenbidea ondoan lagun genuela.



Gu gorantz bagindoazen, beste batzuk beherantz.


Gaur egungo tren txiki gehienak diesel motatakoak badira ere, oraindik mantentzen dute lurrunezko tren zaharren bat turismoari begira.


Trenaz gain britainiarrek  beraien erlijio ere ekarri zuten, nola ez.


 Darjeeling Indiak bereganatu aurretik Nepaleko zatia zen eta horregatik, gaur egun, Darjeelingeko biztanle gehienak Nepaleko  hizkuntza hitz egiten dute eta Nepaleko mendialdean bezala budismoa nonahi aurkitu daiteke.




Baina Darjeelingek daukan harribitxirik ederrena ez zuten britainiarrek ekarri, hori aspaldi jarri zuen naturak bere tokian: Kangchenjunga mendia(8.586). Munduko hirugarren mendirik altuena da Everest eta K2 mendien ostean. Eguna argia bada primeran ikusi daiteke.


Abenduan negua eta hotza nagusi dira eta egun lainotuetan batez ere oso ongi babestea komeni da.


Plazan etengabe edan daiteke tea hotzari aurre egiteko


Lau egunez atseden hartu ostean agur esan genion Darjeelingi eta bertako erosotasun eta turismoari. Hori bai,  oraingoan maldan behera.



Darjeelingen bezala, bai Nepalen eta bai Indian jende asko topatu dugu edozein txokoan badmintonean jolasten. New Jalpaigurin Koldok ezin izan zion tentazioari eutsi.


KOLKATA (Kalkuta)

Siliguri hiriaren ondoan dagoen New Jalpaigurin hartu genuen Kolkatarako trena. Bizikletak fakturatzea oso erraza izan zen eta primeran iritsi ziren. 21:00ean atera behar zen trena 22:00ean atera zen eta goizeko 6:45ean iritsi beharrean 10:00 iritsi zen! Indian trenean bidaiatzea esperientzia polita da. Nahiko ongi antolatuak  daude trenak eta lotarako aukera ere izan genuen. Hori bai, goizean goiz hasi zen jendea gora eta behera, janari saltzaileak gehienbat gosaria eskainiz.



Kolkatako gure egonaldia oso berezia izan da PBKOJP erakundea eta bertako kideak ezagutzeko parada izan baitugu. Erakunde honek Kolkatako auzo txiroetan zabalduta hamahiru proiektu ezberdin ditu denak behar handia duen jendeari laguntzeko. Horietako batzuk ezagutu genituen. Tren geltokian zain genituen PBOJPko bi kide eta izugarri lagundu ziguten Kolkatan zehar.

Auzo txiroetako gazteentzako Cricket taldea. Aukerarik ez duten gazteek Indian hainbeste maite duten kirol honetan aritzeko aukera ematen diete.


Auzo hauetan inolako aukerarik ez duten haurrentzako eskolak antolatu dituzte. Auzo batean, bereziki, lanean hasi zirenean  %5 zen eskolara joaten zen haurren portzentajea. Gaur egun, auzo horretan eta lanaren poderioz haurren %90 doa eskolara.



Zailtasunak zailtasun, inoiz ez da irribarre bat falta.


PBKOJP erakundearen egoitzaren azken solairuan hamasei neska gazte bizi dira. Beraien amak prostituzioan lan egiten dute. Hamasei neska hauek giro gogor horretatik at bizitzeko aukera dute elikadura, osasun eta hezkuntza egokia jasoz. Egun ederra pasa genuen beraiekin!|



Sekulako esperientzia izan da erakunde hau eta egiten duen lan izugarriaren zati bai ezagutzea.  Toki desberdinetatik jasotzen dute lanean jarraitzeko diru laguntza, horien artean Euskal Herritik. Eskerrak eman nahi dizkiegu bereziki Dipak, Bibhuti, Pradip eta Sarkarlali egin diguten harrera beroagatik eta etxetik hain urrun egonda ere hain ongi sentiarazteagatik. Eta nola ez, Maiteri, beraiekin harremanetan jartzeagatik eta hau guztia ezagutzeko aukera emateagatik.

Luze eta zabal solasean gustura ibili ginen.


Egia esan, eta hasieran beldurra bagenion ere, ongi sentitu gara Kolkata hirian. Lagunak egiteaz gain jende atsegina topatu dugu inguruan eta txoko ederrak ere bai.

Hiri guztiek bezala trafiko arazoa badu.


Britainiarren garaiko monumenturik ederrena Victoria Erreginaren omenez eraikitako “Victoria Memorial”.


Eta eguneroko bizitzan biztanle xumeak. Gure Guest Housearen ondoan emakume honexek prestatzen zigun  egunero tea. Maitagarria.


Bizitzaren patuak gure Gabon Gaua hemen pasatzea nahi izan du. Euskal Herritik urrun egon arren afaria berezia izan zen, pilla, pilla, pila…


Hurrengo geltokia, Myanmar. Kolkatako aireportuan hegazkina zain daukagu Bangkokera eta hemendik zuzenean Yangonera joateko.  Urte berria, herrialde berria.

3 comentarios:

  1. Han ere tranbia, Gasteizen bezela! Kontuz gurpilak errailetan sartu gabe.
    Koldo, estilo ona badmintonean e! Baina estiloak estilo... irabazi ala galdu?
    Nik ere hemen patata tortila.

    ResponderEliminar
  2. Estiloak estilo... irabazi! Set bakarra jokatu genuen baina aspaldi Badmintonean jolastu gabe egoteko nahiko ongi moldatu nintzen. Zuk gozatu elurraz, aurtenko neguan guregatik ere skiatuko duzu.

    ResponderEliminar
  3. gu horrelako trenetan ibili ginen ere! ze oroitzapenak!

    bueno, urte berri on eta muxu bat!

    ResponderEliminar